2013(e)ko urriaren 29(a), asteartea

03.ariketa_Logela-Maketa 1.0

Lanaren lehenengo asteetan diseinatu behar dugun logelaren lehenengo maketa egin dugu, gida bezala balioko diguna proiektu definitiboa egiterako orduan. Hona hemen nire diseinua. Bileiho handidun gela da, ikasmaiari garrantzia handia ematen diona, eta apaldegi mordoa ditu, liburuak edota oroigarriak gordetzeko. Garrantzitsua iruditzen zait liburu asko izatea etxean, eta logelan eukita eskurago egongo dira.


Agian hainbeste armairu jartzerakoan eta hauek paretan enpotratzerakoan baimenduta geneuzkan 20 metro karratuetatik asko pasa naiz,  hau hala izanez gero, maketa asko aldatu beharko nuke benetakoa egiterakoan








2013(e)ko urriaren 22(a), asteartea

03.ariketa_Logela


ZER DA NIRETZAKO LOGELA?


     Niretzako logela zer den baino, zer izatea gustatuko litzaidakeen azalduko dut. Zer dela eta? Nire bizitza osoan zehar logela ez da NIREA izan, anaiarekin partekatu dut orain dela gutxi arte, eta bera bere gela propiora joan zenetik, bere armairua familia guztiak erabiltzen du. Gainera anaiaren ohea bertan dago, bere presentziaren oroigarri.

     Logelak norberarentzako tokia izan beharko luke, zuk aukeratutako gauzaez betea. Gauza hauek gelaren parte izan behar dute, beraien gela ere balitz bezala. Gainerakoek ez dute zertan zure gela ulertu, zu gustora egotea da garrantzizkoena. Beti iruditu zait geletan apaldegiak eta liburuak egotea beharrezkoa dela, hau jada norberaren gustoaren arabera, baina liburuek nortasuna ematen diote, bertan bizi den pertsonaren izaera eta gustuen isla bat baitira.

     Egia esan nire logelak hauetako ezaugarri asko betetzen ditu. Liburu asko eta askotarikoak ditu, txikia nintzenean gurasoek irakurtzen zizkidatenak gordeta daude oraindik, eta baita nire zaletasun berrienekin zerikusia dutenak. Erdizka utzitako proiektutxoak nonahi aurki daitezke, eta honek anabasa txiki bat sortzen duen arren, gela berezia eta nirea egiten du. Baina badira bi gauza nire logelatik bereziki gustuko ditudanak. Bata seguruenik guztiongan antzekoa da, etxera leher eginda iristean ohera sartu eta munduko lekurik onenean gaudeneko sentsazioa izatea. Inon ez da zure logelan bezain ondo lo egiten. Bigarrena paisaiak dira. Arratsalde partean zeruko gorria mendien atzetik ezkutatzen ikustea, udako goiz argitsuetan leihoak ireki eta larreen berdetasuna gozatzea edo, eta azken hau da gustukoen dudana, neguko goiz batean berandu esnatu, leihoa ireki eta munduaren zuritasun elurtuarekin liluratzea.